Argazki hau ikusita "normalizazioa" eta
"inklusioa" bezalako hitzak datozkit burura. Ziur nago hau irakurriko
duzuen gehienok noizbait entzun duzuela "Nik desberdinak diren haurrak
errespetatzen ditut eta laguntzen diet, horregatik daukate beste
irakasle berezi bat beste gela batean beraien ikasketak aurrera
eramateko." Orduan nik, zera galdetzen dut: zergatik beste gela horretan
dauden haurrak desberdinak dira? berezko gelan gelditu direnak normalak
dira? eta zer da normala izatea? normala ez bazara, beste klase batean
egon behar zara? ...
Askotan, geure burua engainatzen dugu, eta
eskola (edota gizarte) inklusiboa bultzatzen dugula sinisten dugu.
Zailtasun edo gaitasun urritasunak dituzten pertsonen aurrean errespetuz
jokatzen dugu bai, baina hori ez da inklusioa. Pertsonak, pertsonak
garen aldetik (baxuak, lodiak, gorrak, hiperaktiboak, itsuak...) eskubide berdinak ditugu,
eta ikasle guztiek izan behar dute aukera bere ikaskide eta lagunez
inguratutako klase batean hezkuntza on bat jasotzeko.
Honetaz hitz egiterako orduan bi konparaketa etortzen zaizkit burura: alde batetik integrazioa eta inklusioa ez dela berdina,
eta gu, normalizazio prozesua bultzatzen saiatzen garenok, inklusioa
bilatzen dugu, eta ez integrazioa. Inklusioa bilatzen dugun aldetik, ez
dugu ikasle batengan arreta ipiniko, ikasgelan baizik; ez diogu
ikasleari aditu bat egokituko, hezkuntza faktoreak kontuan hartuko
ditugu; diagnostiko batean oinarritu beharrean, elkarlanean arazoak
ebatziko ditugu; ez dugu programa indibidual bat sortuko, irakasleok
estrategia bereziak garatuko ditugu; eta ikaslea programa berezietan
murgildu beharrean, gela arruntean laguntza emango zaio. Beste alde
batetik, berdintasuna eta parekidetasuna ez dela berdina
azpimarratu nahi nuke. Hau da, oinarri bezala hartu beharko genuke
guztiok desberdinak garela, eta hori kontuan hartuta guztiok elkarrekin
lan egin behar dugula. Horregatik, kasu honetan ez zait berdintasunari
buruz hitz egitea gustatzen, ez, ez baitago berdintasunik, guztiok oso
desberdinak gara, eta modu desberdinez egin behar dugu lan (batzuei
gehiago kostatuko zaie, beste batzuei gutxiago), baina guztiok parekoak
izan behar gara, aurretik esan dudan bezala, guzitok baiditugu eskubide
berdinak.
Elkar lagunduz, lor dezagun inklusioa eta parekidetasuna!
GUZTION ESKOLA blogetik hartuta.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina